Search

Galdakaoko Booktube Lehiaketa

Irakurri, sakatu Rec eta parte hartu!

Category

info

Booktuberren txokoa literaturari buruzko aldizkari digital batean

Brasilen Página 9 3/4 izeneko aldizkaria sortu dute gazte literatura zale batzuek, Biblio Arte Lab egitasmoaren baitan, Casa de Árvore Gobernuz Kanpoko Erakundearen babesarekin. Lan taldean dira diseinatzaile gazteak, idazle edo sortzaileak, kolaboratzaileak eta 13 eta 16 urteko booktuberrak.

Aldizkariaren izenak (9 3/4) Harry Potter-en mundu magikoari erreferentzia zuzena egiten dio, eta, hain zuzen, aldizkariaren helburua gazteak mundu fantastiko horretara gerturatzea eta magiarena bezalako indarrarekin gazteak literaturara erakartzea da.
Hona hemen web gunean agertzen den Ísis Vilhena booktuberraren bideo bat:


Egitasmoari buruzko informazio gehiago: http://casadaarvore.art.br/lancamentopagina934

Zer da booktubea?

Booktube hitzak book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen ditu. Hau da, booktube bat Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da; liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa. Grabazio hori, ondoren, Youtuben zintzilikatzen da eta nonahi barreiatzen da sare-sozialen bidez.

Dagoeneko, sare ikaragarriak sortu dituzte, bai nazioarte mailakoak, bai tokian tokikoak (hizkuntzaren arabera gehienetan). Hori guztia, azpi-kultura digital bat sorrarazten ari da: booktuber horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak baitira eta neurri horretan literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari dira sortzen.

Informazio gehiago Booktubea atalean.

Booktuber komunitatearen hiztegi propioa

Book haul: booktuberraren eskuetara heldu diren liburuen errepasoa. Adibide bat hemen.

Wrap up: hilabete horretan irakurritako liburuak aipatzen ditu booktuberrak. Adibide bat hemen.

Book tag: galderak, jolasak, frogak, erronka literarioak zenbait liburu sakonago ezagutu ahal izateko. Adibide bat hemen.

Book shelf tour: booktuberrek euren liburutegi pertsonala erakusten dute. Adibide bat hemen.

Spoiler: liburuaren tramari buruzko xehetasun garrantzitsuak kontatzea da, idazleak irakurlearentzat gorde dituen “sorpresak” agerian uztea.

Zure booktubea osatzeko, ikusi beste batzuk

Galdakaoko Lehen Booktube Lehiaketan parte hartu nahi duzu? Booktuber bihurtu nahi duzu? Nola egin nahi duzu? Ikusi jarraitzaile gehien dituzten booktuberren bideo batzuk. Agian, lagunduko dizu zure estiloa markatzen.

Booktuberrak:

Book_Fa

Las Palabras de Fa: 19 urteko neska mexikarra. Bere ezaugarria, naturaltasuna.

Book_Coleccionista

El coleccionista de mundos: 18 urteko mutil espainiarra. Oso bideo landuak egiten ditu, edizio lana eta edukia asko zaintzen ditu.

Book_cenizas

Cenizas de papel (Matias G.B.): Matias argentinarra oso xelebrea da, baina ondo landutako edukiak argitaratzen ditu.

Book_Raiza

Raiza Revelle: hizkera bizkorreko neska alaia. Liburuei buruzko iruzkinez gain, erronka interesgarriak botatzen dituen booktuberra da.

book_vale

Vale bigotes: gazte mexikarra, naturala, sarri trabatu egiten dela dio, edo zuri geratzen dela, baina berdin zaio. Aurrera egiten du eta beti du komentario interesgarriren bat egiteko.

1-pGgPoLUcRns51m1r5xIIqA

Abriendo Libros: Alberto Vilarreal beste mexikar bat da. Erraz hitz egiten du, umorez askotan. Ezagunak ez diren liburuak aipatzen ditu askotan, eta hori oso ekarpen aberatsa da best sellerrez betetako booktubeen munduan.

Book_bikotea

Never be hopeless (Drew eta Yai): bikotea dira eta elkarrekin egiten dituzte booktubeak. Ekarpen interesgarriak egiten dituzte eta batzuetan ez direnez ados jartzen, bideo berean bi iritzi jasotzeko aukera ematen dute.

Nola egin booktubea?

OSAGAIAK:

  • Liburua, gozatzeko.
  • Gidoia, irakurritakoaz mintzatzeko.
  • Lekua, zure ukitu pertsonala emateko.
  • Kamera, mugikorra, tableta, tripodea… grabaziorako.
  • Ordenagailua, ediziorako.
  • Irudimena eta sormena, denak txundituta uzteko.
  • Jarraitu urratsez urrats Nola egin atala

Booktube fenomenoari buruzko dokumentala

Fenomeno honen arrakastaren beste adibide bat gaiari buruzko dokumentala ere eginda dagoela dagoeneko (gazteleraz): “Booktube el documental” Hego Amerikako gazteen artean izan duen eraginaz, booktubeen ezaugarriez eta horrekin sortu den fenomenoa ulertzeko oso egokia.

Zenbait gomendio

  1. Hasteko booktube batzuk ikusi inspirazio iturri izan daitezen, baina zuk zeurea egin, originala izan.
    Hemen dituzue lotura batzuk:
    • Andreo Rowling: https://youtu.be/J7oHd4Zj1CY
    • AbriendoLibros: https://youtu.be/1mNfwkDbtQU
    • LaspalabrasdeFa: https://youtu.be/qVRkRndT1pI 
  2. Horrelakorik inoiz egin ez baduzu, praktika ona izan daiteke ispilu aurrean jarri eta zeure buruari hitz egitea. Ikusi nola hitz egiten duzun, nola ahoskatzen duzun, nolako mugimendua ematen diezun eskuei, irribarrea… Probatu eta gero jarriko zara kameraren aurrean.
  3. Naturaltasuna agertu hitz egiterakoan, ondo ahoskatu eta zeure euskara erabili, baina zuzen eta egoki.
  4. Lotsatia bazara edo publikoan agertzea gustatzen ez bazaizu, pertsonaia bat asmatu eta horren izenean agertzeak lagunduko dizu agian.
  5. Grabatzerakoan, leku egokia eta argitsua aukeratu, bestela indarra galduko du irudiak eta liburua ere ez da ondo ikusiko.
  6. Ez kopiatu besteek egin dutena. Izan originala eta sortu zure estiloan.
    Ez duzu super-kamera bat behar, baina bideoaren kalitatea zaindu, ondo ikus eta entzun dadila gero, bestela inork ez du ikusterik nahiko.
  7. Zaindu kanpoko hotsak, ez daitezela entzun bideo horretan.
  8. Kamerari begira grabatu behar da, baina begirada tarteka desbideratzea edo jaistea komeni da, bestela, beste aldean ikusten ari denari deserosoa gerta dakioke.
    Bideoa editatzeko, gehien ezagutzen duzun edo eskura duzun edizio-programa erabili: moviemaker, sonyvegas…
  9. Moztu bideo zati errepikakorrak edo gauza interesgarririk esaten ez dutenak.
    Eman zure iritzia. Gaia interesgarria iruditu zaizu? Ondo kontatua dago? Adierazi gustuko duzun edo ez, eta zergatik.
  10. Esan dezakezu ustekabeko gertaerak jazotzen direla, baina ez esan zeintzuk diren.
    Ez kontatu liburu guztia, are gutxiago amaiera. Gogoan izan guztiok maite ditugula sorpresak.
  11. Laburra izatea erakargarriagoa da, beraz, eman gehienez pare bat minutuko iraupena bideoari.
  12. Booktuber bihurtu nahi baduzu, asmatu goitizen bat, sortu zure kanala izen horrekin eta maiztasun batekin igo zure bideoak youtubera. Maiztasuna mantenduta jarraitzaile leialagoak lortuko dituzu eta zain izango dituzu.
  13. Sare sozialak lagungarri dira beti booktuberrentzat, biralizazioa garrantzitsua da.
    Gauza guztien gainetik, ondo pasa! Ez ikusi hau etxeko-lan moduan.
  14. Hartu zure kamera eta hasi liburuez hitz egiten. Liburuak idatzita datoz, baina zuk ahotsa jar diezaiekezu.
  15. AbriendoLibros: “Quiero ser booktuber

Kartela

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Galdakaoko Lehen BOOKTUBE LEHIAKETA jarri du martxan, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin. Euskal Herriko lehen booktube lehiaketa izango da eta bertatik sortuko dira lehen euskal booktuberrak.

Galdakao eta galdakaoztarrak aitzindari izango dira mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen.

Lehiaketa herri mailakoa izango da eta bertako Eguzkibegi Ikastolako eta Bengoetxe BHI ikastetxeko DBHko ikasleek nahiz Topaguneak gazteen bilgunearen bidez adin horretako herriko gazteek parte hartu ahal izango dute.

Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri, binakako taldeak osatu eta booktube bat (liburuari buruzko erreseina edo iruzkin digital bat) grabatu beharko dute.

Hauxe da lehiaketaren bloga eta bertan atalez atal jaso dugu parte hartzeko beharrezko informazio guztia.

Zalantzaren bat edo argibideren bat behar izanez gero, jarri harremanetan Galtzagorrira deituz (943 471487) edo booktube@galtzagorri.org helbidera idatziz.

IRAKURRI, SAKATU REC eta PARTE HARTU!

Create a free website or blog at WordPress.com.

Up ↑