logodenak

2015ean, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, lehen aldiz antolatu zuen Galdakaoko Lehen Booktube Lehiaketa. Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolako eta Bengoetxe BHI ikastetxeko DBHko ikasleek eta Topaguneak gazteen bilguneak hartu zuten parte lehiaketa hartan. Lehen deialdiak nerabeen artean izan zuen arrakasta ikusita, 2016an bigarren aldiz egingo da Booktube Lehiaketa Galdakaon. Lehiaketa urrian hasi eta abenduan amaituko da, Galdakaoko Haur eta Gazte Literatura Azokarekin batera.

Galtzagorri Elkartea, 26 urtez Haur eta Gazte Literaturari bide emanez

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea 1990. urtean sortu zen. Bi helburu nagusi ditu: bata, euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea; bestea, euskarazko irakurtzeko zaletasuna piztea haur eta gazteen artean. Bi xede hauek lortzeko hainbat egitasmo jarri ditu abian Galtzagorrik azken hogeita bost urteetan. Gehienak irakurtzeko zaletasuna sustatzeko proiektuak, hala nola, Bularretik Mintzora kanpaina, Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak, Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa, areto literarioak, Marraz(i)Oak Topaketak, Irakurketa Klubak, Klis-klasikoak liburu eta app bilduma… eta orain Galdakaoko Booktube Lehiaketa.

12 eta 16 urte bitarteko gazteen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, Galdakaoko hiru ikastetxeetako DBHko ikasleen artean Booktube Lehiaketa jarri du martxan Galtzagorri Elkarteak, bertako Udalaren laguntzarekin.

Galdakaoztarrak, hortaz, aitzindari izan dira mundu mailan gazteen artean sekulako harrera izan duen Booktube Fenomenoa euskaraz eta Euskal Herrira ekartzen. Lehenengo euskal booktuberrak sortzeko bidea zabaldu baitu lehiaketa honek. Are gehiago; nolabait, euskarazko irakurle klub berri bat ernaltzen hasi da lehiaketa berri hori sortzearekin. Internet sarearen mugak ia infinituak direla jakinda, delako klub edo booktuber-sare hori Galdakaoko mugetatik harago ere zabalduko da ziurrenik.

Lehiaketaren helburuak

  1. 12-16 urte bitarteko Galdakaoko neska-mutilen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko: ikus-entzunezkoak, teknologia berriak, literatura eta harreman sozialak lotu nahi ditu egitasmo honek. Guzti hauek adin honetako nerabeen esparru naturalak dira neurri handi batean.
  2. Adin horretan irakurketa gozamenezko jarduera gisa sustatzeko: ikusaraztea haur eta nerabeei, zein gizarte osoari, haiek ere irakurtzen dutela, eta irakurtzea atsegin dutela.
  3. 12-16 urte bitarteko haur eta nerabeen literatur zaletasunak ezagutarazteko: neska-mutilak bihurtu nahi ditugu literatur kritikari eta gomendatzaile. Hala, beste nerabeek, bitartekariek, baita liburutegiek zein argitaletxeek ere oso baliotsua den informazioa jasoko dute.
  4. Euskarazko Haur eta Gazte Literatura sustatzeko: Gazteen gustuak eta iritziak jakitean, argitaletxeek jakingo dute zer argitaratu; liburutegiek haien booktubeak erabil ditzakete liburutegiko blog edo foroetan; idazleek eurengana jo dezakete iritzi eske… eta abar. Aldi berean, booktuberren euskal komunitate bat sortuko bagenu, horrek euskarazko irakurle nerabe talde bat sortuko luke, beraz, gure kulturaren alde ariko ginateke. Irakurleak eta irakurtzen ari direnaren inguruko iritzi emaileak sortuko baikenituzke.
  5. Gure gazteen eta gure bitartekarien parte-hartze aktiboa sustatzeko, kultur ekintza batean.
  6. Ikasleak kultur agente bihurtzeko, irakasleekin elkarlanean. Egitasmo honen bidez, diziplina ezberdinak erabiliz (literatura; paperezko liburua; teknologia berriak eta ikus-entzunezkoak; gidoigintza, interpretazioa eta lokuzioa; gizarte-kohesioa, harreman sozialak; eta kultur baliabideak: liburutegiak, kultur etxeak, argitaletxeak…) harremanetan jarriko dira ikasle-irakasleak.
  7. Ikus-entzunezko material originala sortzeko: Galdakaoko neska-mutikoek sortuko dituzte ikus-entzunezko berriak eta haiek zintzilikatuko dituzte sarean. Euskaraz 12 eta 16 urteko haurrentzat argitaratutako liburuen inguruko booktube berriak sortuko dituzte. Booktubeak izan daitezke liburu jakin baten inguruko erreseina edo kritikak, izan daiteke norberaren (etxeko/ikasgelako/herriko) liburutegiko apaletatik egindako bisita gidatu bat, izan daiteke liburu batean aipatzen den gai baten inguruko eztabaida, aurkitutako liburu berri baten inguruko deskubrimenduaren azalpena… Azken finean booktubea Youtuben irakurle batek zintzilikatutako “etxeko” bideo bat da, non bere burua selfie moduan grabatuta, liburu jakin baten edo batzuen inguruan mintzatzen den.
  8. Diziplinartekotasuna sustatzeko kulturaren esparruan, eta zehazki, haur eta gazte literaturaren esparruan, adierazpen berritzaileak sortuz eta horiek bistaratuz. Galtzagorri Elkarteak urte asko daramatza lan horretan eta beti ere saiatu izan da diziplina ezberdinak uztartzen dituen egitasmoak sortzen. Frogatua du beraz, horrelako egitasmoek (ikus-entzunezkoak, literatura, gidoigintza, bideo-grabazioak, pedagogia… bezalako diziplinak ezkontzen dituztenek) arrakasta itzela izaten dutela haur zein helduengan. Ipuin kontaketen eta formatu hertsien garaia nolabait bukatu zela, beraz.
  9. Interes orokorrekoa den egitasmoa sortzeko: Izan ere, Galdakaoko jendartean irakurleak sortzeko helburua du egitasmoak. Batetik, 12 eta 16 urteko nerabeak irakurtzera bultzatu nahi dituelako; bestetik, horiek sortzaile ere bihurtuko dituelako: irakurritako lanaren inguruko kritikari, gomendatzaile… bihurtuko dituelako; eta honek euskal haur eta gazte literaturako sortzaile eta argitaldariei informazio bikaina emango dielako zer eta nola argitaratzeko garaian. Nolabait, gizartean eta kulturan esparru ezberdinetan dauden pertsona eta agenteak harremanetan jartzen ditu: sortu eta produzitzen dutenak ikusi eta entzutera behartzen ditu; irakurri eta entzuten ohituta zeudenak sortu eta produzitzera. Hala, irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, gizartearen esparru jakin baten sortzeko beharra eta gogoa piztea ere baditu helburu. Eta irakurtzeko ohitura duen eta sortzeko eta berritzeko interesa duen jendarte batek baliabide gehiago izaten ditu gerora bai etengabeko formaziorako eta bai proiektu berriak sortu nahiz aurretik daudenak berritzeko. Hortaz Galdakaoko biztanleriaren interes orokorreko egitasmoa da: bere eguneroko bizitzan eragin nahi duelako eta aldi berean, aipatu bi helburu horiek gauzatzeko, kulturaren eta artearen baliabide ezberdinak lantzen dituelako.
  10. Euskararen erabilera sustatzeko: Zintzilikatuko diren booktube guztiak, irakurtzea gomendatuko diren liburu guztiak eta eskainiko diren formazio lantegi guztiak euskaraz izango baitira.
Advertisements